Guardiako Santa Maria - Araba

Erregeen Santa Maria eliza Erdi Aroko Guardia hiribilduko altxorretako bat da. XII. mendean hasi ziren eraikitzen eta estilo erromanikokoa zen. Eraikitzea, hala ere, XV. mendera arte luzatu zen eta, batez ere, elementu gotikoak eta errenazentistak ditu eta elementu nabarmenena XIV. mendearen amaieran landutako eta XVII. mendean polikromatutako portikoa da.

Espainian oraindik kontserbatzen diren portiko polikromatu urrietako bat da.

Tenplua herriaren iparraldean dago, kaleak Kantauri mendilerrotik datorren haize hotzetik babestuz, eta tenpluaren hedadurak Guardiako luzetarako hiru kaleen arteko espazioa hartzen du: Paganos kalea mendebaldean, Santa Engrazia kalea ekialdean eta kale Nagusia erdigunean. Tenplurako sarbide nagusia azken kale horretan dago.

Eraikuntza hainbat fase eta alditan banatzen da, denboran luzatu baitzen eta uneko estilo berrien arabera erreformak egiteko autoritateen erabakiaren ondotik.

Lehen arte aztarnak elizaren kanpoaldeko iparraldean eta ipar-mendebaldean daude eta XII. mendekoaren hasierakoak dira. Orduan abiarazi zen estilo erromanikoko eraikuntza. XIII. eta XV. mendeen artean lanean jarraitu zen, estilo gotikoa landuz, eta zabaldu egin zen eta obra berriak egin ziren mende bakoitzean kasuan kasuko modak proposatzen zuenaren arabera.

Lehenbizi, tenpluaren altuera altxatu zen, ondoren aldaketa arkitektonikoak egin ziren, esaterako, tertzeleteak dituzten gurutzeria gangak eta zutabe zentraletan egindako lanak. Orduan, XIV. mendean, obrarik garrantzitsuena egin zen: tenplura sartzeko portikoa.

XVI. mendearen erdialdean burualdea suntsitu zen, handitzeko. Horren ondorioz, gurutzadura eta absidea handitu eta aldatu ziren. Estilo errenazentistako aldaketa izan zen. Geroago, XVIII. mendean, erretaula nagusiaren txanda iritsi zen, Juan Bazkardoren obra: Errenazimentuko manierismoa ikusten da eta Barrokora begiratzen da.

Portikoa

Bisitaria harritu egiten da Erregeen Santa Maria elizarekin, urre, okre, gorri eta berde koloreak nagusi dituen portiko polikromatu izugarriarekin hain zuzen. Horregatik bakarrik arte onaren maitale orok Guardia bisitatzeak merezi du. XIV. mendearen amaieran, dagoeneko aldi gotikoan, harria zizelkatu zen eta horren polikromia XVII. mendeari dagokio.

Beheko partean, mainelak albo banatan apostolutza dauka ate-zangoetan. Goiko partean, arkiboltez inguratutako tinpanoa. Ikonografia nagusiak Ama Birjina dauka hizpide; mainelan nagusitzen dena eta, tinpanoan, berriz, bere bizipenak.

Mainela

Zentroan, tenplura sartzeko atearen bi arku trilobulatuen artean, ezker besoan haurra duen Ama Birjinaren irudi samurra. Ama Birjinaren begirada gozoa eta posea deigarriak dira. Haurraren pisuari aurre egiteko profilatutako gerriak oreka ezin hobearen eta dinamikoaren sentsazioa transmititzen du. Zizelkatze honen kolore aberastasunak eta xehetasunek ikuslearen begirada liluratuta bereganatzen dute.

Apostolutza

Mainelaren albo banatan seikako bi taldetan dauden apostoluak ditu, Judas Iskarioteren ordez Done Paulo gehitu izanaren berezitasunarekin. Horiek guztiek eskuetan liburu bat eta identifikatzen zaizkien hainbat sinbolo dituzte.

Apostolu guztiak zutik daude, idulki artistikoen gainean eta drosel ederren azpian, arkibolten figuren oinarrirako balio dutenak aldi berean.

Ama Birjinaren irudiarekin gertatu den moduan, tunikak deigarriak dira eta horien izurrek eta kolore aberatsak ikusmenari plazer handia eragiten diote.

Tinpanoa

Hiru zerrendek osatzen dute tinpanoa: lehenengoa, Ama Birjinaren bizipenei buruzkoa; bigarrena, Ama Birjinaren dormizioari (elizak heriotza aipatzeko erabilitako terminoa) eta Jasokunderi buruzkoa; eta hirugarrena koroapenari buruzkoa.

Arkiboltak

Bost arkiboltek tinpanoa inguratzen dute, landareen motiboekin eta aingeruen, ama birjinen, profeten, erregeen eta martirren irudiekin.

Ikonografia Laikoa

Portikoaren eskuineko arkuartean errege bat eta bere emaztea, tradizioan Antso Abarka jauna, Antso Gartzes I.a (Iruñeko erregea 905. urtetik 925. urtera) eta bere emaztea –Urraka andrea-, Guardia hiribilduko sortzailetzat, jotakoak. Tesi berriago batek portikoaren sustatzaileekin lotzen baditu ere, Karlos III, Noblearekin, eta bere emaztearekin (Leonor Trastamara andrea, Gaztelako infanta).

Informazio Gehiago

Guardiako Turismo Bulegoan Erregeen Santa Maria eliza ikusteko bisita gidatuak antolatzen dira. Eliza horren barrualdean portiko polikromatua dago. Bisita horiek argien ikuskizun bat barne hartzen dute “Argiaren portikoa” hain zuzen, portikoaren beraren gainean proiektatzen dena, baita tenpluari buruzko azalpen didaktiko bat ere.

Nabarmenak

  • Ospakizun liturgikoek ordutegia eten dezakete.
  • Eliza bisitatzeko, plaza erreserbatzea komenigarria da (edukiera mugatua)
  • Iraupena: gutxi gorabehera hogeita hamar minutu.
Guardiako Turismo Bulegoa
Kale Nagusia, 52
01300 Guardia
Telefono zenbakia
Posta Nagusia
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Kokalekua

Guardia Gasteiztik 48 kilometrora dago, A-2124 errepidetik sartuta Gasteizko mendatetik eta BU- hartuta gure helmugara eramango gaituen N-232 errepidearekin lortu arte. Paisaiaren ikuspegitik interesagarria den bide horren alternatiba A-1, N-124 eta N-232 errepideak dira.

Herria Logroñotik 20 kilometro baino gutxiagora dago N-232 errepidea hartuta.

Lotura

Eliza

Portikoa

Irudiak