Salbada mendizerra, Gorobel izenarekin ere ezagutzen dena, hego-ekialdean Santiago mendia eta ipar-mendebaldean Angulo mendatea banatzen dituen 20 kilometroko luzera duen profil irregularreko multzo menditsu izugarria da. 300 eta 400 metro arteko desnibela dauka.
Hala, benetako natura harresia eratzen da eta gailur enblematikoenak Tologorri, Ungino eta Txarlazo dira.
Mendi horiek pasaia zoragarriak marrazten dituzte baina eskualdeko panoramikarik onena, zalantzarik gabe, Nerbioiko begiratokitik ikusten dena da. Begiratokia Delika arroilaren gainean esekitako balkoi batean datza eta bertatik Nerbioi ibaiak 300 metroko ur-jauzi ikusgarrian salto egiten duela ikus daiteke euri garaian. Espainiako ur-jauzi handiena da eta Europako garrantzitsuenetako bat.
Mendizerrako multzo osoak, gainera, tradiziozko artzain bizitzari lotutako eraikuntzen hondar ugari hartzen ditu barne: txabolak, aterpeak, historia aurreko hondarrak, otsozuloak, etab.
Segur aski otsozuloak zonako eraikuntza bitxi eta berezienetakoak izango dira. Izan ere, horietako asko ondo kontserbatzen dira eta otsoak ehizatzeko antzinako sistema osorik ikusi eta interpretatzeko aukera ematen dute. Gibijoko, Santiago mendiko eta San Miguelgo otsozuloak gailentzen dira.
Natura inguru honetan ibiltzea plazer bat da eta haur eta helduentzako aisia aukera egokia.
Mendi ibiliak egiteko zenbait bide daude. Ezagunenak eta jende gehien biltzen duenak pagadi eder baten bidez Nerbioiko begiratokira darama. Hala ere, hori bezain erakargarriak diren beste aukerak egon badaude, esaterako, Delikako arroilatik doana, izen bereko Arabako herritik. Azken hori udako hilabeteetan egin behar da.
Argibide gehiago
Non dagoen, nola iritsi
Araba eta Burgos arteko mugan kokatuta dagoen Nerbioiko begiralekura iristeko, iparraldetik etor daiteke, Urduñako mendate arabarri igoz; hegoaldetik, berriz, Burgoseko Berberanako udalerritik. Kotxea aparkaleku egokituan utzi behar da eta seinaleztatutako bide batetik ibili behar da plataformara iritsi arte.
Delikara iristeko eta izen bereko arroilaren ibilbidea egiteko Gasteiztik N-622 errepidea hartu behar da, gero A-2521 Urduñara arte eta BI-4906. Bilbotik, berriz, AP-68 errepidea, A-625 Urduñara arte eta gero BI-4906.