Mendixurko Parke Ornitologikoa - Álava Turismo

Uretako hegazti ugari barne hartzen dituen Mendixurko Parke Ornitologikoa Uribarri Ganboako urtegiaren adarretako batean dago. Ur ez oso sakoneko eremua da, naturalizazio prozesu garrantzitsua izan duena eta uretako inguruneei lotutako landare eta animalien komunitateentzat berebiziko garrantzia duen gune bilakatu dena.

Eremuak 70 hektarea baino gehiago ditu eta urtegiko hegoaldeko adarretan kokatzen da. Horiek Nazioarteko Garrantzizko Hezegunetzat (Ramsar) jo dira. Horrez gain, Natura 2000 Sarearen barruan dago (Zadorraren Sistemako Urtegien Europar Batasunaren Intereseko Lekua da) eta horrek berretsi egiten du areako biodibertsitateari egiten dion ekarpena eta hura zaintzeko interesa.

Hegaztiak parkearen adierazgarri nagusiena dira, gehien ikusten den alderdia, eta era berean horiek elikatzen dituzten uretako eta lurreko ekosistemen osasun onaren erakusle dira. Urtean zehar hainbat motatako espezie ugari biltzen dira zona honetan eta horiek ingurua leku pribilegiatu bihurtzen dute; horrela, bada, merezi du ezagutzeak, zaintzeak eta hartaz gozatzeak. Bertan bizi diren izaki guztiekiko errespetua da gure konpromisoa.

Bisitariak hegaztiak ikustea eta horiekin harremanetan jartzea errazten duten zenbait azpiegitura erabil ditzake: bi bide, bi behatoki eta informazio eta interpretazio panelak.

Mendixur hegaztiak identifikatzen eta bereizten ikasteko lekua da, haien ohiturak ezagutzekoa, hegaztiak begiratzen atsegin hartu eta haietaz gozatzekoa. Horregatik, 2010etik aurrera, Uribarri Ganboako urtegiaren adarrak, Mendixurko Parke Ornitologikoaren barruan sartuta daudenak, Birding Euskadi proiektuaren zati dira.

Ordutegiak/Informazio Orokorra

Noiz eta nola beha daitezke hegaztiak Mendixurren?

Biributxi bidetik paseatu daiteke, 1000 metro baino apur bat gutxiagoko ibilbidea egin eta uraren ertzean kokatutako Hegazti Urpekarien Behatokira iritsi arte. Bestela, Errekabarri biderantz abiatuta, informazio paneletik 350 bat metrotara dagoen Kaskabeltzen Behatokira heldu arte. Eserlekuak eta informazio panelak dituzten behatoki horietatik lasai, eroso, isilik, inori enbarazurik egin gabe eta inork molestatu gabe, uretako hainbat hegazti begizta daitezke, hala nola, basahateak, kopetazuriak, murgilak, ibarroiak eta murgilari arruntak.

Beste aukera bat aire zabaleko behatokira joatea da. Behatoki hori 1000 bat metroko Errekabarri bidearen bukaeran dago, Trogloditen Behatokia egon zen lekuan. Ibilaldia elorri beltzen, lizarren eta haritzen artetik igarotzen da, basoetan bizi diren hegaztiei, hala nola, okil berdeei, hesi berdantzei, kardantxiloei eta txantxangorriei babesa eta elikagaiak ematen dizkien zuhaitzen nahas-mahasetik.

Norberak gidatutako ibilbide bat egin daiteke, parkeko ekosistema bakoitzean dauden interpretazio panelen laguntzaz, urtegiko urek zer ezkutatzen duten ezagutzeko, uretako basoa nolakoa den jakiteko, mugan nor bizi den ikusteko, paisaia nola eratzen den ezagutzeko edo zangaluzeen uhartea behatzeko. Uharte hori ikusi ahal izateko Urizarko dikera hurreratu behar da. Dike hori 1.600 bat metrotara dago, Parke Ornitologikoaren mugetatik kanpo baina ibilbide berdearen barruan.

Birding Euskadik antolatutako jardueretan parte har daiteke. Interpretazio bisita gidatu batean parte hartzeko aukera ere badago, uretako hegaztiak euren natura ingurunean ikusi, begiztatu eta ezagutzen lagunduko dizun gida-interprete batekin. Begiratu ordutegiak eta egutegia horiei dagokien atalean. Bisitak ordubete inguru irauten du eta ez da beharrezkoa aurretiaz izena ematea. Bisitak doakoak dira eta gaztelaniaz zein euskaraz egin daitezke.

Garaioko Parke Probintziala.

Garaioko Parke Probintziala
Plaza Garaio, 1
Garaio
Telefonoa
E-maila
Helbide elektroniko hau spam roboten kontra babestuta dago. JavaScript aktibatuta eduki behar duzu hau ikusteko.

Kokapena

Kotxez

Mendixurko Parke Ornitologikoa Gasteiztik 15 bat kilometrotara dago, ipar-ekialdean, Uribarri Ganboako urtegiaren hegoaldeko adarretan. Bertara iristeko, A-3012 errepidea hartu behar da. Errepide horrek Gasteiztik Iruñera doan A-1 autobia (Ozaetako irteera) eta N-104 errepidea Ozaetarekin lotzen ditu. Maturanara iritsi baino apur bat lehenago, Garaioko Parkerako sarrera adierazten duen desbideratze bat dago. Ezkerrerantz ateratzen den lehenengo bideak Parke Ornitologikoaren aparkalekura darama zuzenean.

Bizikletaz

Garaioko Parketik bizikletaz joan daiteke urtegiko ibilbide berdea hartuta, 3 bat kilometroko ibilbidea eginez, errepidetik joan beharrik gabe eta Garaioko Informazio Bulegoan bizikletak maileguan hartuta. Urizarko dikera heldu baino lehen Parke Ornitologikorako desbideratze bat dago.

Loturak

Informazioa

Irudiak