Inicio » Parke Naturalak » Valderejoko Parke Naturala

Valderejoko Parke Naturala

Valderejoko Parke Naturala - Araba

Amilburu harritsutan amaitzen diren magal aldapatsuez inguratutako haran zabal eta altua. Honela labur daiteke Valderejoko paisaia.

1992. urtean Parke Natural izendatu zuten. Parke arabarren artean txikiena da eta ekosistema eta paisaia kopuru handia dauka.

Arabaren alderik mendebaldekoenean kokatuta dagoen haran honetan apenas bizi da jendea eta egoera horrek fauna eta flora aberatsa eta askotarikoa egon dadin laguntzen du.

Boveda mendizerrak eta Artzena mendigunearen mendebaldeko tarteak haran hau ixten eta babesten dute. Hondoan, zelai eta laborantza zabalen artean Puron ibaia igarotzen da. Denbora igaro ahala ibai honen urek natura espazio berezi honen mendiak higatu dituzte.

Parkeak hiru natura eremu ditu: tontorrena, paseariari bista zoragarriak oparitzen dizkiona; magal basotsuak; eta zelaiak eta laborantzak haranaren hondoan. Valderejoko harkaitzetan Euskadiko sai arrearen koloniarik handiena bizi da.

Seinaleztatutako bederatzi bideek parkearen zati handienetik barrena ibiltzeko aukera ematen dute eta, horien artean, Puron ibaiaren haitzartea zeharkatzen duen ibilbidea gailentzen da. Natura espazio honek, gainera, historia balio handiko aztarnategi arkeologikoak ditu.

Sar gaitezen parkera Gaubeako haranetik, Burgoseko San Millan de San Zadornil herritik. Errepideak Valderejoren bihotzean dagoen Lalastrako gunera eramango gaitu, bideak eta ibilbideak egiteko abiapuntura hain zuzen.

Lalastra, parkearen bihotza

Parketxea, egurrezko egitura eta beirate handia dituen eraikin ederra, Lalastra herriaren kanpoaldean dago eta ibilbideei, jarduerei eta zerbitzuei buruzko informazio guztia txangozalearen esku jartzen du. Hurbileko Landa Interpretazioko Zentroak haranaren historia eta bertako biztanleen erabilerak eta ohiturak erakusten ditu.

Halaber, Lalastrak haur ekipamendua eta mahaiak dituen jolas gune bat eskaintzen dio bisitariari, bertan otordu bat egin ahal izateko. Horrez gain, jatetxeak eta landa turismoak eskaintzen dizkio indarrak berreskuratzeko edo bideetatik barrena Valderejoren sekretuak ezagutu ostean atseden hartzeko.

Mendian ibiliak egitea gustuko duenak haranak biltzen dituen hainbat ibilbideren artean eta mendi igoeren artean aukera dezake. Luzera eta zailtasun maila askotariko ibilbideak dira, bederatzi guztira: gehienak ibilbide laburrekoak dira, horietako batzuk beste batzuekin lotzen badira ere. Hala, mendizale eskarmentudunei ibilaldi luzeak egiteko aukera ematen zaie.

Lahoz, Villamardones eta Ribera

Lalastraz gain, Valderejon beste hiru landa gune daude: Lahoz, Villamardones eta Ribera. Badira hainbat hamarkada azken biak abandonatu zirenetik eta bi herri horien aurriak bisitatzea interesgarria da.

Gizakia oso aspalditik bizi da haran honetan eta horren adibide dira kultura ondarea eta ondare arkitektonikoa, monumentu megalitikoak (San Lorentzo tumulua, Leron mendiko monolitoa) eta hainbat garaitako elizak eta baselizak barne hartzen dituztenak. Galtzada baten hondarrak erromatar garaikoak dira eta hondar erromanikoak eta Erdi Aroko margolan bitxiak dituen eliza bat oraindik zutik dago Riberan.

Oharrak

  • Mendiko ibilbideak ez daude mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat egokituta.
  • Parkeak aire zabaleko aparkalekua eta piknik gunea ditu, baita parkeko espezieei eta bideei buruzko informazio seinaleak ere.
  • Kotxez, autobusez, bizikletaz edo oinez hel daiteke.

Informazio Gehiago

Lalastrako Interpretazio eta Informazio Zentroa
01427 Lalastra, Araba
Telefono zenbakia
Posta Elektronikoa
parquevalderejo@parques.araba.eus

Parkerako sarbidea askea da baina parketxeak ordutegi eta egutegi propioa ditu:

Asteartetik igandera , (apirila – Iraila)
10:00-14:30 eta 16:00-19:00.
Asteartetik ostiralera, (urria-martxoa)
9:00-15:00
Larunbat, igande eta jaiegunetan , (urria-martxoa)
10:00-14:30 eta 16:00-17:30

Gaubeako Turismo Bulegoan ere informazioa eskura daiteke

Kokalekua

Gaubea udalerrian, Añanako Kuadrillan, kokatua. Arabako probintziako mendebaldeko aldean dago, Burgosetik oso gertu eta erraz irits daiteke bertara. Gasteiztik ordubetera dago (63 kilometro) eta Gatz Haranetik 35 minutura.

Lotura

Valderejo Parke Naturala

Irudiak